Landaredia

Zuhaitza Artzentaleseko landaredia oro har Atlantikoa da, eta baso hostoerorkorrak dira nagusi, nahiz eta elementu mediterraneo batzuk ere eduki. Horietan garrantzitsuena artadia da, baso hostoiraunkorra. Udalerriaren beheko eremuetan Atlantikoko landazabala dago, batez ere.

Baso-berritzeak (pinuak eta eukaliptoak nagusiki) Ordunteko mendietako beheko eta erdiko eremuetan daude. Aipatzekoak dira Garmo inguruko haritz gorriekiko zenbait gune garrantzitsu, eta esan beharra dago zuhaitz horietako batzuk oso handiak direla.

Lurzoru buztintsua eta hezea dagoen tokietan, haritz kanduduna dago. Lurzoru areatsu, apur bat epelago eta ondo drainatutakoetan, ametz arrunta edo erkametza da ongien egokitu dena. Bizkaiko haritz kandugaberik ederrenetako batzuk Kolitzaren magaletan daude. Udalerrian Euskal Herriko hiru zuhaitz berezi daude eta horietako bi haritzak dira: bata hibridoa da, Quercus pyrenaica eta Q. robar, ia 40 metro da altuan eta Linaresko San Martin eta Rebollar artean dago; bestea, haritz kanduduna da, Linaresko San Martin elizaren ondoan dago eta “Kontzejuko ametza” esaten zaio. Hirugarren zuhaitza ia hiru metro eta erdiko diametroa duen hagin bat da eta Kolitzako gailurretik gertu dago.

Katua Baso mistoak eta haltzadiak daude ibai ertzetan eta mendi magaletako trokarterik sakonenetan. Baso mistoetan hurritzak, sahatsak, lizarrak, haritzak, gaztainondoak… daude eta ibai eta uharren inguruetan ikus ditzakegu. Haltzek, berriz, ibaietan sartzen dituzten euren sustraiak eta ibilguaren gainean egiazko galeriak eratzen dituzte batzuetan. Oihanpean sastraka eta belar espezie ugari dago: elorri beltzak, iparraldeko elorri zuriak, atxaparra, etab. eta iratze espezie zenbait ere bai.

Artadi kantauriarra da gutxien zaindu dena, toki harkaiztsuetan eta beste erabilera batzuetarako egokiak ez direnetan dagoelako. Gaur egun pagadi txikiak daude, egurra eta ikatza egiteko asko erabili izan baitira.

Azkenik, lurzoru azidoetan, basorik ez dagoen tokietan, txilarra, otea edo iratzea daude; espezie bat edo bestea gailentzen da lurzoruaren, hezetasunaren, azidotasunaren edo izan duen erabileraren arabera.

Lorea Baserri inguruetan badira oraindik ere ebakitzen diren belardiak. Belardi hauetan zenbait graminea espezie aurki ditzakegu: txakur-buztana, alka-belarra, larreko espikilla, llollobelarra edo askiluzea, besteak beste. Leguminosoak ere ugariak dira eta hirusta zuria, hirusta gorria, arbejak eta uso-belarra dira esanguratsuenetariko batzuk. Ohikoak dira, halaber, basa-lihoa, txikori belarra, etab.

Kolitza eta Castro Alén mendien inguruan interes botaniko bereziko zenbait espezie ditugu, eta horietako batzuk galzorian daudenez, babes berezia dute: mendiko betibizia, Asturiasko nartzisoa, garatxo-belarra, bedeganbrea, muki-belarra, hagina edo gorostia dira garrantzitsuenetakoak.

Santiago Patino eta Javier Valencia 
Sestaoko Natur Zientzien Elkartea