Albisteak

 
EZKERRALDE, MEATZALDE ETA ENKARTERRIETAKO 320 IKASLEK PARTE HARTUKO DUTE AURTEN AKTIBATU + IRAUNKORTASUN PROGRAMAN • Ekimen honen helburua pertsonen ohiturak aldatzea da, ur, energia, mugikortasun, erosketa eta hondakinen kudeaketari dagokionean, etxe zein ikastetxeetan iraunkortasuna sustatze aldera. • Proiektuaren lehenengo lau faseetan 91 udalerritako 61 ikastetxek eta 1.964 familiak hartu dute parte. • Aurreko edizioetan parte hartu duten ikastetxeek energia kontsumoan %17 aurreztea lortu dute, batez beste, eta CO2 isurpenak 1,8 tonatan murriztu zituzten; etxeek energiaren kontsumoan %5,2 eta uraren kontsumoan %3,5 aurreztea lortu zuten. Bestalde, %2,1ean murriztu zuten hondakinen sorkuntza eta %1,6an CO2 isurpenak. Ezkerralde, Meatzalde eta Enkarterrietako 16 ikastetxetako 320 ikaslek parte hartuko dute ikasturte honetan Aktibatu + programaren bosgarren fasean. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen bat da. Helburua zera da: herritarrei beren bizi-ohiturak aldatzeko beharra ikusaraztea, gure lurraldearen iraunkortasuna hobetzeko. Edizio honetan, gainera, 2015-2016 ikasturtean inplikatu ziren beste 5 zentrok programan parte hartzen jarraituko dute. Orain arte 61 ikastetxek parte hartu dute, guztira 27.410 ikaslek. Aktibatu + programak epea zabaldu du Bizkaiko eskualde horietako etxeek izena emateko. Aurreko lau edizioetan ere hala egin zen, eta gure lurraldeko 91 udalerritako 1.964 familiak hartu dute parte orain arte. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen hau Eusko Jaurlaritzarekin, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin (BGP), Metro Bilbaorekin , Eroski Taldearekin, eta “La Caixa” Gizarte Ekintzarekin batera garatzen da. Nazio Batuek sustatutako Global Action Plan – Ekintza Plan Globala (GAP) nazioarteko programaren barnean kokatzen da. Aktibatu + programaren edizio honen aurkezpen-ekitaldian honakoek hartu dute parte: Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Zinegotzia, Elena Unzueta; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako Zuzendaria, Alexander Boto, eta Espainia zein Nazioarteko GAPen Zuzendaria, Carlos Oppe. Aktibatu + programaren helburua parte hartzen ari diren ikastetxeetan energiaren kontsumoa %5 murriztea da. Murriztapen hori planteatu da etxeetarako ere, energia eta uraren kontsumoari dagokionez. Era berean, erronka moduan %12ko hazkundea markatu da gaikako bilketarako edukiontzien erabileran eta %7ko murriztapena CO2 isurpenetan. Programan proposatutako ekintzak aplikatuta, etxeko gastuetan %10a ere murriztu daiteke, ingurua zaindu eta bizi-kalitatea hobetzeaz gain. Programaren metodologia erraza da. Ikastetxeen kasuan, horietako bakoitzak ikasle talde txiki bat aukeratzen du (20 bat ikasle), irakasle baten koordinaziopean. Talde horrek izango du proiektua aurrera eramateko ardura, ikastetxe osoa sentsibilizatzeko helburuz. Hasierako ikuskaritza eginez hasten da proiektua; bertan, neurketa kuantitatiboak eta elkarrizketak egiten dira, jorratu beharreko gaiaren (energia edo erosketa-hondakinak) kudeaketa ikastetxean nola gauzatzen den ezagutzeko. Ikuskaritza egindakoan, emaitzak taldean aztertzen dira, eta ondorio garrantzitsuenak jasotzen dituen txostena osatzen da. Txosten hori oinarri harturik, jorratzen ari den gaiaren inguruko ekintza eta komunikazio kanpaina garatzen ditu taldeak, eskola komunitatearen ohiturak hobetzeko. Hurrengo fasean, ikuskaritza egiten da berriro, eskuratzen diren datu berriak lehenengo neurketan jasotako datuekin alderatzeko eta izan diren hobekuntzak baloratzeko. Azken tailerrean lorpen horiek laburbildu eta eskuratutako emaitzak nabarmentzen dira. Ezkerralde, Meatzalde eta Enkarterrietako 16 ikastetxeek energiaren inguruko modulua egingo dute ikasturte honetan. Aldiz, gainerako 5 ikastetxeak, pasa den urtean egin zutenez hori, erosketa eta hondakinen inguruko moduluan zentratuko dira. Etxeetako programa Etxebizitzei dagokienean, programaren prozeduraren lehen urratsa Aktibatu + webgunean erregistratzea da. Tresna sinple eta eraginkorrak barne hartzen dituen webgune espezifiko bat da. Udalerri parte-hartzaileen eta mankomunitateen webguneen bitartez sar daiteke webgunean, baita www.bizkaia21.eus webgunearen bitartez ere, Aktibatu+ atalean kontsultatua.Parte-hartzaileak izena eman ondoren, honen eguneroko ohituren iraunkortasuna aztertzen du plataformak. Ebaluazio hori burututa, ohiturok ingurumenean duten eragin negatiboa hobetzeko aldatu beharreko alderdiak nabarmentzen dira, horretarako informazio eskuliburu praktikoak erabiliz. Fase bakoitzaren amaieran, etxeei zuzendutako atala garatu duten pertsonek hainbat sariren zozketan parte hartuko dute. Aurten, sariak honakoak izango dira: bizikleta bat, bi pertsonarentzako bi gaueko egonaldia landetxe batean, Bizkaiko Foru Aldundiaren 10 liburu-sorta, Eusko Jaurlaritzaren beste 10 liburu-sorta eta 4 jarduera-sorta, honakoak egiteko: "Zetazeoak 10:00etan" eta "Kostaldea itsasontzian", eta Urdaibaiko paduretatik bost ibilbide gidatu (azken hiru sariek Euskadiko Biodibertsitate Zentrorako bisitak hartzen dituzten barne). Aurreko lau faseetako emaitzak Aurreko edizioetan parte hartutako 61 ikastetxeen izandako inplikazioaren ondorioz, %17ko aurrezpena izan dute urtean energia-kontsumoan, baita CO2 isurietan 1,8 tonako murrizketa ere. Gainera, programa bukatutakoan, ikastetxe gehienetan hobetu egin zen gaikako bilketa eta zenbait hondakin mota murriztu ziren. Halaber, ikastetxe horiek hobetu egin zituzten erosketa iraunkorrerako irizpideak, hondakin gutxiago sortze aldera. Bide horretan, adibidez, bidezko merkataritza produktuen erosketa areagotu dute, ontzi handiak dituzten produktu gehiago erosten dituzte (gehiegizko bilgarriak saihesteko), eta katilu eta edalontzi berrerabilgarriak eskuratu dituzte. Etxeen kasuan, energiaren kontsumoa %5,2 eta urarena %3,5 murriztea lortu da. Hondakinen sorkuntza ere %2,1 murriztu da eta CO2 isurpenak %1,6, mugikortasun-ohiturak aldatzearen ondorioz.